Super Amara BATeko emakumeen taldeak Ohorezko Mailako topaketa irabazi du historian lehen aldiz
2026/05/19
Zorte desberdina izan dute asteburuan Super Amara BAT taldeek nazioarteko ligen bigarren jardunaldian. Emakumezkoen taldeak historia egin du Leonen, Ohorezko Mailako topaketa bat lehen aldiz irabazita. Gizonezkoen taldeak aldiz, ezin izan du Madrilgo Vallehermoso estadioan beharrezkoa zuen bigarren postua eskuratu eta hirugarren bukatu du. Asteburua borobiltzeko, 16 urtez azpiko taldeak zortzi domina eskuratu ditu Euskadiko Txapelketan eta harrobiko gazteek ere maila bikaina erakutsi dute Gipuzkoan
Super Amara BATeko emakumeen taldeak, nagusitasun osoko arratsalde lehiakor baten ondotik, ekainaren 13an Iruñean jokatuko den tituluaren aldeko azken itzulirako sailkatu dira, laugarren postuan. Guztira bederatzi garaipen indibidual lortu zituzten Leonen. Aipagarrienak Olaia Gisela Becerrilen luzera jauzia (6,29 metro, topaketako markarik onena), Goizane Garciaren marka pertsonala mailuan (49,89 metro) eta Alazne Etxebarriak, Alaine Agerraldek, Alazne Garridok eta Noa Sevillak 4×400 metroko erreleboan ezarritako Euskadiko errekor absolutu berria (3:44.38) izan dira, 1987tik hautsi gabe zegoena. Horrez gain, Alaine Agerraldek marka pertsonala, 20 urtez azpiko mailako Euskadiko errekorra eta Txapelketa Iberoamerikarrerako minimoa lortu ditu 400 metro hesidunetan (58.97). Horrela, historia egin du Batgirls taldeak, historian lehen aldiz Ohorezko Mailako topaketa bat irabazita.
Mutilek berriz, bost garaipen indibidual lortu dituzte Madrilen, tartean Iker Piñeira (200m) , Ander Aramendi (1500m), Iker Arotzena (luzera), Juan Errandonea (jauzi hirukoitza) eta 4×400 metroko errelebo taldeak, azken honek klubeko errekorra hautsiz (3:15.48). Emaitza hauek baldintzatuta egon dira taldeak dituen lesioen ondorioz. Horrela, ekainaren 13an mailari eusteko borrokatu beharko dute.
V. “Dynamic New Athletics”
Madrilgo Gallur kiroldegian, bertzalde, V. “Dynamic New Athletics” (DNA) Txapelketa Nazionala jokatu du talde infantil mistoak. Espainiako 12 eskola onenen artean sailkatu ondotik, larunbateko finalerdietan hirugarren postua lortu eta igandeko “A” final nagusira igaro ziren. Final estu baten lehiatuta, “La caza” azken proban erabaki zen postuarekin, estatuko bosgarren eskola bilakatu da Super Amara BAT, harrobiarekin egiten den lana indartuz. Ekimen hau aurrera eramateko Zaisaren babesa izan du klubak.
Euskadiko 16 urtez azpiko Txapelketa
Asteburuko emaitzak borobiltzeko, Bilbon jokatutako Euskadiko 16 urtez azpiko Txapelketan zortzi domina eskuratu ditu taldeak (bi urre, zilar bat eta bost brontze). Adur Errazquin (1500m oztopoak, 4:28.08 eta Espainiako txapelketarako txartela) eta Eider Eizagirre (disko jaurtiketa, 28,06 metro) txapeldun bilakatu dira. Azkenik, Lasarteko Gipuzkoako Eskolarteko Probak Konbinatuen Txapelketan, Ane Rincón alebinak zilarrezko domina lortu du (1.283 puntu) eta Elaia Martínek brontzezkoa (1.225 puntu).