Txingudi Rugby Klubak aurredenboraldiari ekin dio

2025/09/02
Entrenamenduak hasteaz gain, klubak aurtengo denboraldian izanen dituen helburuei eutsi die. Harrobiaren formakuntza indartzea izanen da horietako bat, eta honen lanketa ekarriko ditu bertzeak lortzea, hala nola, senior mailako taldeak sustatzea eta bermatzea.
Txingudi Rugby Klubak aurredenboraldiari ekin dio
Txingudi RC

Txingudi Rugby Klubak atseden guti izan dut uda honetan. Behin denboraldia bukatuta, 2025/26ko ikasturteari begira jarri zen zuzendaritza taldea eta denboraldi berri honetan aitzinera eramanen diren proiektuekin lanean hasi ziren segidan. Horrela, orain dela pare bat urte, emakumeen taldearekin hasi zuten ibilbideari urrats berriak ezarriko dizkiote eta hau sustatzen segituko dute, baita harrobiko taldeen kalitatezko formakuntzari ere.

Berrikuntzei dagokionez, Xabier Castañoren gehitzea azpimarratu du Txingudi Rugby Klubak. Castaño Baionako Aviron, Tarbes eta Zarautz taldeen aritutako jokalaria da eta Espainiako selekzioaren parte izatera ere ailegatu zen. Zarautzen egindako ibilbidea bereiztekoa da, izan ere, hamarkada bat eman du hor. Jokatzeaz gain, harrobian ere lanean aritu da eta eginbehar hau Plaiaundin izanen dituen erronkekin uztartuko du aurtengo denboraldian. 

Gizonezkoen senior taldeko jokalariek ere prestatzaile berri bat izanen dute, Iñigo Camarero eta Leire Muñoz Caorekin batera lanean arituko dena, Tom Walsh ingeles/zelandaberritarra hain zuzen ere. Walsh Fiji, Australia, Irlanda, Frantzia, Hong Kong eta Alemanian garatu du bere kirol ibilbidea eta heziketan eta prestaketa fisikoan aditua da bera eta gizonei arlo horretan lagunduko die. 

Honez gain, 18 urtez azpiko taldean Iñigo Aizpurua eta Keoma Pacheco arituko dira lanean, Carlos de la Fuente, Peio Castellano eta Hodei Guerreroren laguntzarekin. 16 urtez azpiko taldean berriz, Gorka Eizaguirre gehituko da Alba Saiz eta Julen Iglesiasek pasa den denboraldian dagoeneko osatzen zuten taldera. 14 urtez azpikoekin, Koldo Alonso, Urtzi Berastegi, Peiko Pardo eta Hodei Aizpurua arituko dira lanean eta azkenik, eskolako monitoreak Unai Arbelaiz, Xabi Sanchez, Onintza Burgera, Koldo Segurola, Adrian Muñoz, Oier Oliveira eta Ander Arrieta izanen dira. 

Plakajerik gabeko modalitatean eta prestaketa fisikoaren arloan, pasa den denboraldiko teknikari berak ariko dira lanean: Aitor Petrikorena, Iñaki Urrutxurtu, Jose Mari Zabala, Arantxa Ausan eta Pako Franco. 

Azkenik, klubak emakumeen talde berria sortzeko proposamena plazaratu du. Bosteko errugbia sustatu nahi du eta horretarako, errugbilarien bila ari da taldea. Horretarako, entrenamenduak izanen dira astelehenero Plaiaundin, Garazi Santosek gidatuak, 14 eta 17 urte bitartekoei zuzenduak izanen direnak.

Entrenamendu irekiak denboraldi osoan zehar

Denboraldiari begira taldeek izanen dituzten hazteko helburuei lotuta, klubak jakinarazi du ikasturte guztian zehar eginen diren entrenamendu guztiak irekiak izanen direla. Horregatik beragatik, saioen ordutegiak argitaratu dituzte. Gizonezkoei dagokionez, astelehen, astearte eta ortzegunetan izanen dira entrenamenduak, 19:30etik 21:00etara. Emakumeen saioak egun beretan izanen dira, baina 19:00etan hasita. 16 eta 18 urtez azpiko taldeek berriz, astearte eta ortzegunetan izanen dituzte entrenamenduak, 18:00etatik 19:30era. Azkenik, 14 urtez azpiko taldea eta eskolako errugbilariak Hondarribiako besten ondotik hasiko dira lanean. 

Informazio gehiago nahi izanez gero, klubak info@txingudirugbyclub.es helbide elektroniko jarri du eskuragarri, baita 688 74 53 62 telefono zenbakia ere.