Txingudi Rugby Klubeko seniorrek garaipen banarekin bukatu dute urtea
Txingudi Rugby Klubeko seniorrek ezin hobe bukatu dute urtea, garaipen bana lortu baitzuten pasa den asteburuan. Biok Txingudik 5-8ko markagailuarekin garaitu zuen Getxoko Neskak Loratzen taldea. Zaisa Txingudik, bere aldetik, Igorreko Arratiko Zekorrak taldearen kontra 15-17ko emaitza erdietsi zuen.
Biok Txingudik hasieratik erakutsi zuen nagusitasuna Neskak Loratzen taldearen kontrako partiduan. Markagailuan aitzina hartu zuen entsegu batekin, baina segidan lortu zuen aurkariak hau berdintzea. Bigarren zatian berriz, baloia kontrolpean eduki zuten mugakoek, nahiz eta behar zuten entsegua ez zen ailegatzen. Hala ere, zigor kolpe bat ongi aprobetxatu zuten bidasotarrek eta baloia hagen artean pasatu, 5-8koa ezarri zuten behin-betiko markagailua, denboraldiko bigarren fasea ezin hobe hasiz.
Zaisa Txingudi berriz, lehen zatiaren bukaerara galtzen ailegatu zen, Arratiko Zekorrak lortutako 15-5ekoaren bidez. Bigarren zatian berriz, honi buelta emateko intentzio garbiarekin zelairatu ziren mugakoak. Horrez gain, Igorrekoen fisikoak behera egin zuen eta hau aprobetxatu zuten erasoan intentsitate gehiago edukitzeko bidasotarrek. Entsegu eremua bitan zeharkatzea lortu zuten bukaerarako eta emaitza iraultzea ere, 15-17koa ezarriz neurketa bukaerarako.
Gazteek bi garaipen eta porrot bat eskuratu zuten
14 urtez azpiko Txingudi/Baztan/Orereta taldeak 43-5 irabazi zuen Plaiaundin Zarautz/Beltzak taldearen kontra, eta 16 urtez azpiko Txingudi/Baztanek ere, 31-45 irabazi zuen Durangoren kontra. Azkenik, 18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Bera Bera/Baztanek Riojaren kontra 31-22 galdu zuen.