Txingudi Rugby Taldeko eskolako errugbilariek denboraldia hasiko dute gaur
2026/09/10
Txingudiko gaztetxoek gaur, irailaren 10ean, hasiko dituzte entrenamenduak Plaiaundin, 14 urtez azpikoentzat bideratutako ate irekien jardunaldiekin batera. Horrez gain, saio bereziak izanen dituzte 10 eta 12 urtez azpikoek larunbatean, irailaren 12an, Hondarribian. Txingudi Errugbi Klubak gainera, emakumeen errugbia sustatzeko lanetan segituko du eta irailaren 26an Emakumeen Errugbi Eguna ospatuko du.
Ikasturte hasierarekin batera, Txingudi Rugby Taldeak denboraldiari ere hasiera emanen dio gaurtik aitzinera Plaiaundin. Eskolako errugbilari gazteak, 10 eta 12 urtez azpikoak hain zuzen ere, euren entrenamenduekin hasiko dira gaur bertan. Klubaren helburu nagusia, urtero bezala, eskualdeko haur eta gazteen artean errugbia sustatzea eta kirol honen balioak sendotzea izanen da. Horren harira beraz, entrenamendu eta saio bereziak ere antolatuko dituzte datozen asteetan, 14 urtez azpikoak errugbira hurbiltzeko asmoz.
2026/27 denboraldiko lehen entrenamendu saioa 14 urtez azpiko taldeak edukiko du, gaur (irailaren 10ean, 17:30etik 19:00etara. Gipuzkoako Txapelketa irailaren bukaeran hasiko da, zazpiko errugbi jardunaldi batekin, eta horri begira hasiko dira lanean Plaiaundiko zelaian. 10 eta 12 urtez azpikoek berriz, larunbatean ospatuko dute lehen saioa, Hondarribian. Zelaitik kanpo hasiko dute denboraldia hauek, Amuteko kirolgunean hain zuzen ere, 11:00etatik aitzinera eginen den entrenamendu ireki batekin. Txingudiko eskolako jokalariez gain, interesa duen edonork parte har dezake saioan. Plaiaundira berriz, heldu den ortziralean, irailaren 18an, bueltatuko dira, 18:30etik 20:00etara izanen duten lehen entrenamenduarekin. Hauen lehen partidu ofiziala berriz, urriaren 4an izanen da hondartzan jokatuko den Gipuzkoako eskolako topaketan.
Irailaren 26an Emakumeen Errugbi Eguna Plaiaundin
Txingudi Errugbi Klubak emakumeen errugbi sustatzeko helburuarekin darrai eta horretarako, Emakumeen Errugbi Eguna ospatuko dute heldu den irailaren 26an. Goizean zehar, hainbat ekimen eginen dira errugbia lehen aldiz probatu nahi duten guztientzat. Jolasez, musikaz eta hirugarren denboraz gozatzeko aukera izanen dute bertaratzen direnek. Jardunaldia ixtelo, Biok Txingudik emakumeen senior taldeak Entente de la Nivelle-Bidasoa 18 urtez azpiko taldearen kontra ariko da partidua jokatzen.
Errugbi Egunaren edizio berri honetan, Biok Experiential Shopping, Brioche Pasquier, Bar Fano, Bodegon Elizatxo eta Bar Isabel izanen dira babesle nagusiak. Klubak gainera, ekitaldian lagundu nahi duten negozio edo norbanakoei dei egin diete jardunaldia babesteko eta klubaren asmoekin bat egiteko.
Alba Saiz Gibaja emakumezkoen taldeko entrenatzaile eta jardunaldiaren antolatzaileak erran duenez, “egun handia prestatzeko lan gogorra egiten ari gara; pasa den urtean 60 parte-hartzaile izan genituen eta aurten kopuru hori are gehiago handitu nahi dugu, hortaz, kirol egiten ondo pasa nahi duen edozein neska gazte edo heldu etortzera gonbidatuta dago”. Informazio gehiagorako, www.txingudirugbyclub.eus webgunera, info@txingudirugbyclub.eus e-mailera, @txingudirugby sare sozial ezberdinetako profilera edo 688745362 telefonora jo dezake edonork.