Zaisa Txingudik berdinketa erdietsi zuen Plaiaundiko lehen partiduan

2025/10/21
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonezkoek 24na berdindu zuten Eibarren kontra, neurketan garaipena lortzeko puntuan egon ondotik. Senio mailako emakumeen Biok Txingudik taldeak berriz, ez zuen nahi bezala hasi denboraldia. Elorrio bisitatu zuten hauek eta hutsean gelditu zen euren markagailua, aurkariak 83-0 irabazi baitzuen.
Zaisa Txingudik berdinketa erdietsi zuen Plaiaundiko lehen partiduan
Txingudi RC

Zaisa Txingudik denboraldiko bigarren partidua jokatu zuen asteburuan Plaiaundin, etxean jokatzen zuen lehena. Neurketa garrantzitsua zen, ez hori bakarrik, baizik eta Ligako aurkari zailenetariko bat jaso zuelako mugako taldeak, Eibar. Edonola ere, maila ona erakutsi zuten etxekoek eta 24nako berdinketa ere erdietsi, irabazteko puntuan egon ondotik gainera. Lehen minutuetan, Eibarrek baloiaren jabetza eduki zuen eta erasoan sendotasuna erakutsi. Hala ere, bidasotarrek defentsa gogorra zelairatu zuen eta hutsean mantendu zuten euren markagailua. Neurketak aitzinera egin ahala ordea, eibartarrek zuloak aurkitu zituzten defentsan horretan eta entsegu eraldatu batekin lehen puntuak eskuratu zituzten (0-7). 

Mugako taldeak ongi erantzun zuen eta aldea murrizten hasi zen. Alejandro Lasak zigor kolpe bat baliatu zuen 3-7koa ezartzeko eta horrek konfiantza eman zion taldeari, bisitarien hurrengo erasoak geldituz eta metroak irabaziz. Kolpe latza jaso zuten etxekoek orduan, Andre Ferreirak jasotako txartela horia alegia, hamar minutuz zelaitik kanpo egon behar izan zena. Hala ere, atsedenaldira bidean, zigor kolpe baten abantaila alde zuela, Lasak eibartarren defentsa gainditu zuen ostikada batekin eta entsegua lortu zuen, hau ere eraldatuz (10-7). Aldageletara bidean berriz, bisitariek berriz ere markagailua iraultzeko aukera aprobetxatu zute, 10-12koa ezarriz. 

Bigarren zatian, garaipena eskurateko gogoz zelairatu zen Zaisa Txingudi eta lehen bost minutuetan igarri zuten hori zaleek. Unai Herrerok eta Lasak bertze zazpi puntu batu zituzten emaitzara (17-12) eta indarra berdintzen joan zen bi taldeen artean. Horrek markagailuan ere izan zuen islada, Iker Tejerok jasotako txartel horiaren ondotik, Eibarren 17nakoa ezarri baitzuen. Etxekoek azkar erantzun zuten berriz ere eta Koldo Segurolaren bitartez, Lasaren ostikadarekin, 24-17koa lortu zuten. Azken hamar minutuetan, intentsitate handia ezarri zuten zelaian bisitariek, garaipena eskuratzeko ahaleginetan. Mugakoen akatsak baliatu zituzten orduan, urduritasuna eragin zuelako Eibarrek sortutako desoreka horrek, eta 24nakoa ezarri zuten emaitzan, behin-betiko hori utziz. 

Garipenak ihes egin bazion ere, Zaisa Txingudik sentsazio on eta positiboekin bukatu zuen etxeko partidua. Dinamika berean segitu nahi du taldeak orain, nahiz eta azaro hasiera bitarte atsedenaldi txiki bat izanen duen. Hori ere baliatuko dute jokoa lantzeko. 

Biok Txingudik porrotarekin hasi du denboraldia

Txingudi Rugby Klubeko senior mailako emakueek berriz, ezin izan zuten punturik batu denboraldiko lehen jardunaldian. Elorrio bisitatu zuen Biok Txingudik eta 83-0eko markagailuarekin galdu zuen. Tentsio eta intentsitate handiko partidua izanen zela aurreikusten zuten mugakoek, pasa den denboraldian talde honen kontra lortu baitzuen Euskadiko Txapelketarako sailkapena. Zailtasun honi bertze batzuk ere gehitu zitzaizkion taldeari, hala nola, azken asteetako bajak eta urduritasunak. Etxekoek hasieratik erakutsi zuten euren nagusitasuna gainera, eta lehen zatian 50-0eko abantaila ezarri zuten bere alde markagailuan, zortzi entsegu eta bortz eraldaketen bitartez. 

Atsedenaldian, defentsa sendotzen saiatu ziren bidasotarrak eta zelaian somatu zen hori, etxekoek zailago egin baitzitzaien puntuak lortzen, intentsitate berarekin lanean segitu bazuten ere. Biok Txingudiren indarrak ordea, behera egin zuen azken hamabost minutuetan, aulkian ez zutelako jokalari nahikorik aldaketak egiteko. Horrela, 83-0ekoa ezarri zuten Elorriokoek markagailuan eta denboraldiko lehen garaipena erdietsi. Mugakoek berriz, punturik batu gabe bueltatu ziren etxera, dagoeneko heldu den larunbateko partiduari begira. Urriaren 25ean, Plaiaundik ariko da taldea, Iruñeako La Unicaren kontra.