Zaisa Txingudik Plaiaundin jokatuko du lehen aldiz denboraldi honetan
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako bi taldeak martxan izanen dira asteburu honetan. Gizonezkoen Zaisa Txingudik denboraldiko honetako etxeko lehen partidua jokatuko du larunbatean, urriaren 18an, Eibarren kontra, 16:30ean. Mailako aurkaririk zailenetariko bat jaso beharko dute mugakoek, izan ere, Eibarrek Euskadiko Lehen mailan jokatu zuen pasa den denboraldian eta Estatuko maila gorenetan aritutako jokalariek ditu bere plantillan. Aurtengo ibilbidea ere ezin hobe hasi dute debabarrenekoek, bi garaipen lortu baituzte dagoeneko. Edonola ere, etxeko taldeak ez dizkio gauzak erraz jarriko Eibarri, Iruñean dagoeneko erakutsi zuten moduan.
Zaisa Txingudi sentsazio onekin dago denboraldi bigarren jardunaldiari aitzin egiteko. Aurredenboraldian izandako lesioek ez dute eragin negatiborik izan taldearen animoetan eta harrobiko jokalarien laguntza dute honetarako (Koldo Segurola), baita Hendaian zeuden zenbait jokalari ohien bueltarekin izandako laguntza ere (Alejandro Lasa eta Andre Ferreira). Horrez gain, erretiroan zeuden bertze jokalari batzuk ere gehitu dira berriz ere plantillara, hala nola Asier Amigo, Iker Tejero, Unai Cano, Iñaki Cano eta Peio Castellano. Hala ere, faltan somatuko dituzte Hodei Guerrero, Ioritz Franco eta Hector Pescador, lesioengatik, eta Mikel Genua, lan kontuengatik, ezin izan baitute denboraldia hasi. Teknikarien taldeak ere aurpegi berriak dituzte aurtengoan, albiste ona izaten ari dena. Iñigo Camarero eta Leire Muñoz Caoz gain, Tom Walsh eta Marc Dufreche gehitu dira taldera. Walsh aholkularitza lanetan dabil jokalariekin eta Dufrechek berriz, urte luzez Frantzian, Australian eta Estatu Batuetan jasotako ezagutzak partekatuko ditu eurekin.
Biok Txingudik etxetik kanpo jokatuko du denboraldiko lehen partidua
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako emakumeen Biok Txingudi taldeak denboraldiari hasiera emanen dio asteburu honetan. Hirugarren denboraldiz segidan, etxetik kanpo hasiko du aurtengo ibilbidea. Zenbait jokalari ere galdu ditu talde honek, izan ere, Hernanitik etorritako jokalariak bere herrian sortu berri den taldean parte hartzeko aukera izanen dute. Horrez gain, Enara Arruti eta Yaiza Garcia Irundik urrun arituko dira aurten, Madrilgo Cisnerosen hain zuzen ere, eta bertze hainbat jokalarik erretiroa hartu dute arrazoi desberdinengatik. Hala ere, harrobitik lau jokalari igo dira lehen taldera: Greta Gutierrez, Paula da Purificaçao, Maddi Aguinagalde eta Naia Piquero. Bi lehenak Gipuzkoako txapeldun bilakatu zen 14 urtez azpiko taldean aritu ziren pasa den denboraldian eta azken biak, errugbi 5eko taldean hartu zuten parte. Hauez gain, La Unicatik datorren Alaia Santos, bere lesioetatik berreskuratu den Ainara Guerrico eta Stade Hendayais taldetik heldu diren Carole Daubas eta Maider Serran gehitu dira taldera.
Plantilla osatuta beraz, larunbat honetan (urriaren 18an), 17:00etan, jokatuko du taldeak denboraldiko lehen partidua. gEUreA taldea bisitatuko du horretarako, Elorriok, Urgozok eta Arrasatek osatutako taldea. Mugakoek aurreikusten dutenez, aurkari gogorra izanen da aurten talde hau eta denboraldia hasi berritan egin beharko diote aurre erronka honi.
Harrobiko taldeak Lekarozen eta Ordizian izanen dira asteburuan
Harrobiko taldeak ere martxan izanen dira asteburu honetan. Alde batetik, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek aurkari beraren kontra jokatuko dute, Gipuzkoa Sortzen taldearen kontra hain zuzen ere. Biek ere Lekarozen jokatuko dute partidu hau. Lehenik Txingudi/Orereta/Baztan gazteenak (11:00) lehiatuko dira eta ondotik, Gabiria Txingudi/Baztan taldea (12:30). Gazteneenek liga garaipen eta porrot banarekin hasi dute eta oraindik ere jarrera kontuetan lana egin behar dutela onartu dute. 18 urtez azpikoek aldiz, ustez baino gogorragoa izan zen aurkariai egin zioten aitzin lehen jardunaldian Getxon eta asteburu honetako partidua ere ez da nolanahikoa izanen, bi garaipen lortu dituen taldea baita Gipuzkoa Sortzen.
Azkenik, 14 urtez azpiko taldeak aurredenboraldiko hitzorduekin segitzen du eta bertze lagunarteko bat jokatuko du asteburuan, oraingo honetan Ordizian, Atletico San Sebastian eta La Unicaren kontra.