Zorterik gabeko asteburua Txingudi Rugby Klubarentzat

2026/03/10
Senior mailako bi taldeek porrot egin zuten asteburuan. Alde batetik, Biok Txingudik 0-56ko markagailuarekin galdu zuen, Plaiaundin, gEUreA taldearen kontra. Bertzalde, Zaisa Txingudik 22-38ko emaitzarekin egin zuen porrot Uni Bilbo C taldearen etxean.
Zorterik gabeko asteburua Txingudi Rugby Klubarentzat
Leire Goenaga
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako bi taldeek porrot egin zuten asteburuan. Biok Txingudik 0-56 galdu zuen Plaiaundin gEUreA taldearen kontra. Zaisa Txingudik berriz, 22-38ko emaitzarekin galdu zuen baita ere Uni Bilbo C taldearen kontra. Asteburu gogorra izan zen bientzat eta hau iraultzea izanen da hurrengo hitzorduetako helburua. Biok Txingudiri dagokionez, taldea bere jokoa eta sentsazioak berreskuratzen ari da, baina larunbateko jardunaldia atzerapausu txiki baten moduan sentitu zuten, gEUreA taldearen kontra. Miren Fernandez eta Naroa de la Fuente jokalarien itzulera izan zen neurketa eta ilusioz zelairatu ziren Plaiaundin. Hala ere, lehen minutuetan, entsegua eta eraldaketa lortu zuen talde bisitariak (0-7). Etxekoek ez zituzten besoak jeitsi eta eraser jo zuten emaitza irauli nahiean, nahiz eta zorigaiztoko bertze egoera bat sufritu behar izan zuten, Leire Muñozen lesioa. Horrela, Lur Gaston zelairatu behar izan zen segidan, mindua zegoen jokalaria ordezkatzeko. Aurkariak abantaila hartu zuen ahulezia honetatik eta hurrengo minutuetan, lau entsegu eta eraldaketa bat lortu zituen, 0-27koa ezartzeko. Mugako taldeak lortu zuen bisitariaren indarra gelditzea, baina lesio gehiago izan zituzten jokalarien artean eta egin beharreko aldaketek nahasi egin zuten euren jokoa, aurkariari are eskurago jarriz partidua. Atsedenaldira bidean, garaipena ia erabakita utzi zuen gEUreAk, 0-32koarekin. Bigarren zatia bide beretik joan zen eta bertze kanporaketa bat jaso zuen talde bidasotarrak, Ane Novoren aldi baterako kaleratzearekin. Bisitariek bertze entsegu bat egin zuten orduan (0-37). Lanean segitu zuen etxeko taldeak ordea, eta ahuleziatik indarra ateraz bere jokoa garatzeko gai izan zen, lehen puntuak eskuratzeko aukerak sortuz. Tamalez, ez zuten markagailua aldatzeko gaitasunik eduki eta nekea ere nabaria izan zen partiduaren azken minutuetan, egindako esfortzuak eragina izan baitzuen jokalriengan. Hori aprobetxatuz, talde bisitariak azken hiru entsegu eta eraldaketa bat egin eta 0-56ko behin-betiko emaitza lortu zuen. Heldu den asteburuan, emaitza honi konponbidea bilatzeko hitzordua izanen du Biok Txingudik. Jardunaldi berezia izanen da, Uni Bilboren kontrako partidua jokatuko duelako Hendaian. Zaisa Txingudik ere porrot egin zuen asteburuko jardunaldian Zaisa Txingudi baldintzatuta zelairatu zen Bilbon, bertako Uni Bilbo C taldearen kontra lehiatzeko. Hamabortz jokalari soilik zituzten eskuragarri Iñigo Camarerok eta Marc Duffrèchek, aurreko asteko jardunaldi gogorrak eragina izan zuelako euren artean eta aldaketarik gabe jokatu behar izan zuten azkeneko hau. Horrez gain, beroketan, Asier Gonzalezek ere min hartu zuen eta ezin izan zen aritu, beraz bat gutiagorekin jokatzera behartuak izan ziren bidasotarrak. Hala ere, ez ziren kikildu eta indarrez zelairatu ziren, momentu gogorrei aitzin egiteko prest. Horrela, lehen minutuetan, Aitor Asurmendik touch-maul bat egin eta 0-5ekoa ezarri zuen markagailuan. Defentsan ere ongi aritu zen mugako taldea, baina kopuruan abantaila zuten bilbotarrek eta lehen hutsunea aurkitu, 7-5ekoa lortu zuten. Bost minutu beranduago, abantaila areagotu zuten eta 12-5ekoa ezarri zuten markagailuan. Mugakoek ez zuten amore eman eta neurketa berdintzeko gai izan ziren zigor kolpe baten ondorioz Joao Costak egindako entseguarekin, “Lutxo” Echevarriak eraldatu zuena (12-12). Hurrengo minutuetan joko parekatua erakutsi zuten bi taldeek eta batak bertzearen akatsak baliatzen zituen puntuak gehitzeko aukerak edukitzeko. Uni Bilbok egin zuen hori, zigor-entsegua eman baitzion epaileak taldeari eta hori ongi baliatu zuen zazpi puntu gehiago eskuratzeko (19-12). Bigarren zatian, bidasotarrak indarrez zelairatu zirne berriz ere eta, touch-maul berri baten ondotik, Asurmendik bere bigarren marka lortu zuen, 19-17koa ezartzeko. Hala ere, bueltan etorri zitzaien hori, etxekoek entsegu berria eskuratu baitzuten segidan (24-17). Hartu-emanean aritu ziren hurrengo minutuetan eta, batak zein bertzeak, puntuak eskuratu zituzten, 31-22koa jarriz azken minutuetan. Txingudik erasora jo zuen orduan, baina ez zuen lortu desiotakoa, kontrakoa baizik. Uni Bilbok jokaldi ona egin eta behin-betiko 38-22koa ezarri zuen markagailuan, aukerari gabe utziz talde bidasotarra. Punturik batu gabe bueltatu ziren beraz mugakoak eta sailkapeneko bostgarren postura jeitsi dira orain. Heldu den asteburuan, etxena arituko dira eta hori moldatzeko aukera izanen dute, Iruñaren kontra. 14 urtez azpiko taldeak porrotarekin bukatu du denboraldiko lehen fasea Gipuzkoako Ligako lehen faseari bukaera eman zion 14 urtez azpiko taldeak asteburuan. Riojaren kontrako partidua jokatu zuten eta 24-5eko markagailuarekin galdu zuten. Sailkapenean lortutako seigarren postuak, bigarren fasea goiko postuetan dauden taldeen kontra jokatzea ahalgbidetu die. Heldu den igandean emanen diote hasiera bigarren fase honi, Bera Beraren kontra etxean, finalerdietarako sailkapena jokoan dagoela.