AIRE LIBREKO DENBORALDIARI EKIN DIO BIDASOA ATLETIKO TALDEAK

Bidasoa Atletiko Taldeko bi taldeek Euskadiko Txapelketan maila ona eman zuten. Gizonezkoak podiumeko bigarren koskara igo ziren eta emakumezkoak hirugarrenera.

Pasaden asteburuan Bidasoa Atletiko Taldeko lasterkari eta jauzilariek aire libreko denboraldiari hasiera eman zioten. Donostiako Atletismo Pistan Euskadiko Taldekako Txapelketa jokoan jarri zen eta talde bidasotarraren partaideek maila ona eman zuten. Podiumeko bigarren koskara igotzeko helburuarekin bidaiatu zuten bi taldeak, baina gizonezkoek soilik lortu zuten esperotakoa. Emakumezkoen taldeak, baja ugari eta garrantzitsuekin, hirugarren postuan bukatu zuen txapelketa.

Bidasoa Atletiko Taldeko ordezkarien aburuz, “Euskadiko Kluben arteko txapelketa beti da hitzordu polita. Aire libreko lehiaketen denboraldiari hasiera ematen dio eta motorrak berotzeko oso baliagarria da. Ohorezko mailako ligako eta lehen mailako jardunaldi garrantzitsuak ditugu aurretik eta erakutsitako maila ikusita, aurten emaitza onak espero ditzakegula uste dugu”.

Ozta-ozta helburua beteta. 

Bidasoa Atletiko Taldeko gizonezkoen taldeak Atletiko San Sebastian eta Durango taldeak izan zituen aurkari zuzenak Euskaidko Taldekako Txapelketan. Talde guztiak egundoko lasterketak egin zuen arren, izen batzuek azpimarratu beharreko hainbat erakustaldi utzi zituzten.

Lehena eta adierazgarriena Iker Arozena luzera jauzilariarena izan zen. Pista estaliko txapelketa bikainak egitetik zetorren jauzilari hondarribiarra eta aire libreko lehen proba modurik onenean hasi zuen. 7,61 metroko jauziarekin bere marka pertsonala ondu, historiako lau gipuzkoar jauzilari onenen artean kokatu eta 23 urtez azpiko Europako Txapelketan sailkatzeko minima lortzeko 9 zentimetroetara geratu zen. Marka horrekin, luzera-jauzian lehen postuan bukatu zuen.

Beste hiru atletek lortu zuten garaipena Bidasoa Atletiko Taldeko gizonezko taldearentzat: Tirso Ocañak 100 metroetako txapelketak 10,80 segundutan bukatu zuen proba, Gonzalo Tamayok pisu-jaurtiketan 14,15 metroko marka erdietsi zuen eta Iñigo Zarandonak 39,25 metroko disko jaurtiketa gauzatu zuen.

Gauzak horrela, Bidasoa Atletiko Taldeak 104 puntu batu zituen, Durnago hirugarren sailkatuak baino puntu eskas bat gehiago. Berdintasuna nagusi izan zen txapelketa osoan zehar, baina talde bidasotarrak lortu zuen bigarren postua. Txapelketako garailea Real Sociedad taldea izan zen, 147 puntu batu zituen etxean jokatzen zuen talde donostiarrak.

Bigarren postutik hurbil, baina hirugarren. 

Emakumezkoen taldeak ere lan ona egin zuen. Gizonezkoen taldeak Durango izan bazuen arerio, emakumezkoen taldeak Tolosa izan zuen aurkari zuzena. Baja ugari eta garrantzitsuak izan zituen datorren astetik aurrera Espainiako Ohorezko mailan aritzen den taldeak; horregatik, txapelketara bertaratutako harrobiko lasterkariek eginiko lana goraipatzekoa izan zen.

Txapelketa nahiko erregularra egin zuen emakumezkoen taldeak, bigarren eta hirugarren postu ugari erdietsi zituzten, baina puntu sorta handiena garaipenak ematen ditu. Garaipen bakarra lortu zuten, Paula Añorgak pertika-jauzian eta 3,40 metroko jauzia egin zuelarik.

Euskadiko Taldekako txapelketaren sailkapeneko honela bukatu zen: Atletiko San Sebastian izan zen lehiaketako garailea 131 punturekin, 114 puntu batuta Tolosa izan zen bigarren eta Bidasoa Atletiko Taldea 109 punturekin bukatu zuen lehiaketa.

Ohorezko eta Lehen Maila Nazionaleko txapelketak datorren astean. 

Euskadiko Taldekako Txapelketa honek aire libreko denboraldi interesgarri bati ateak ireki besterik egin ez dizkio. Datorren asteburutik aurrera, Bidasoa Atletiko Taldeko bi taldeak, emakumezkoena eta gizonezkoena, Espainiako liga ezberdinetan lehiatuko dira. Emakumezkoak Donostian hasiko dute Espainiako Ohorezko Mailako lehen jardunaldia eta antolatzaile bezala egingo dute. Gizonezkoen kasuan, Lehen Maila Nazionaleko lehen jardunaldia Aragoiko Monzon herrian jarriko dute jokoan. Bi taldeak oso bestelako helburuak izango dituzte: emakumezkoen taldeak ahalik eta lasterren maila mantendu eta txapelketari dagokionez, aurrerapausu bat eman nahi du; bestetik, gizonezkoen taldeak, Ohorezko Mailara igotzeko xedearekin lehiatuko dira aurten. 

OHOREZKO MAILAN MANTENDU DA

Bidasoa Atletiko Taldearen emakumezkoen taldeak laugarren postuan bukatu du Valladoliden jokatutako Ligako azken jardunaldia.

 Iberdrola Ligako lehen...

LIGEN JARDUNALDI ERABAKIGARRIEN AURRETIK, AFINATZEN

Aire libreko denboraldia une garrantzitsuenera iristen ari da, ligetako jardunaldia iritsi aurretik, Behe Bidasoa eskualdeko atletak beren markak eta helburuak...

HIRUGARREN POSTUA SILESIAN

Teresa Errandoneak hirugarren postuan bukatu zuen 100 metro hesidunen proba eta zazpi puntu eskuratu zituen Espainiako Selkezioarentzat.

Bidasoa Atletiko...

HARROBIA BADAGO, SOBERAN GAINERA

Bidasoa Atletiko Taldeko 20 urtez azpiko taldea Albaceten jokatu zen Espainiako Taldekako Txapelketako B finala garaitu zuen.

Bidasoa Atletiko Taldearen...

TERESA ERRANDONEA BIGARREN ANDUJARREKO MEETINGEAN

Bidasoa Atletiko Taldeko Teresa Errandoneak eta Miriam Gregorik Andujarko Meeting Internazionalean parte hartu zuten.

Tokioko Joko Olinpiokoak gerturatzen...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika