BAT-EKO NESKAK ETA MUTILAK LAUGARREN LIGAKO BIGARREN JARDUNALDIAN

Bi taldeak ere maila mantentzeko lehian arituko dira ekainaren 11n, hirugarren eta azken jardunaldian

Bidasoa Atletiko neskek eta mutilek Ligako bigarren jardunaldia jokatu zuten pasa den asteburuan. Bi taldeek ere laugarren postuan bukatu zuten eta orain, ekainaren 11n, hirugarren eta azken jardunaldian maila mantentzeko helburuagatik borrokatu beharko dute.

Nesken taldeak aurkari gogorrak izan zituen, izan ere, Barcelona, Unicaja eta Celtiberas de Soria taldeen kontra aritu ziren. Honez gain, azken orduko baja batzuk ere izan zituen talde irundarrak. Horren ondorioz, laugarren postua eskuratu zuten atletek sailkapen orokorrean eta azken jardunaldian maila mantentzearen alde arituko dira borrokan.

Emaitzarik azpimarragarriena Naroa Furundarena izan zen, garaile izan baitzen jauzi hirukoitzean (12,85 metro). Teresa Errandoneak ere lehiatzeko aukera izan zuen berriz ere eta 100 metroak 12,03 segundutan osatu zituen. Goizane Garciak ere bere forma ona erakutsi zuen eta hirugarren izan zen mailu-jaurtiketan, 46,75 metro eginda. Alazne Garridok klubeko errekorra hautsi zuen 400 metrotan, 56,37 segundu eginda eta Gozane Garciak ere gauza bera egin zuen 41,82 metro lortuta diska-jaurtiketan. Honez gain, errelebotan, bigarren postua eskuratu zuten 4x100m proban (Gomez, Olascoaga, Martiarena eta Errandonea) eta hirugarrena 4x400 metrotan (Isusi, Etxegaray, Muguruza eta Garrido).

Sailkapen orokorreko emaitzak hauek izan ziren: Barcelona (232 puntu), Unicaja (179 puntu), Celtiberas (153 puntu) eta Super Amara BAT (119 puntu). Heldu den jardunaldia azkena izanen da eta ekainaren 11n ospatuko da.

Mutilak ere laugarren Gandian

BATeko mutilek ere laugarren postua eskuratu zuten Gandian ospatu zen Ligako bigarren jardunaldi honetan. Hauek ere baja garrantzitsuak zituzten eta aurkari gogorrak: Atletismo Albacete, Safor-Teika eta Atletismo Salamanca. Hau guztia kontuan hartuta, laugarren postua eskuratu zuten eta nesken moduan, heldu den ekainaren 11n, maila mantentzeko lehian aritu beharko dira.

Iker Arozena izan zen, bertze behin, atletarik nabarmenena. 100 metrotan eta luzera jauzian aritu zen eta bietan garaile izan zen, taldeari zortzi puntu emanda. Lehen proban 10,74 segundu egin zituen Arozenak eta jauzian, 7,43 metro. Mari Estangak ere lehen postua eskuratu zuen pertigan (4,60m), baita Alex Cuestak ere jauzi hirukoitzean (14,06m). Bigarren postuan aldiz, Abdellah Tagrhafet sailkatu zen 3000 metrotan (8:28,35 minutu).

Ioritz Landaribarren hirugarren postua eskuratu zuen 400 metrotan (49,97 segundu), baita Ander Angladak 800 metrotan (1:53,49 minutu), Aitor Fernandezek pertigan (4,50m), Asier Zarandonak diska-jaurtiketan (42,89m) eta erreleboan ere, Garaiarrekin, Ocañarekin, Miquelarenarekin eta Fernandezekin (4x100m, 43,39 segundu).

Guztira, Super Amara BATek 143 puntu batu zituen sailkapen orokorrean. Aitzinetik, Salamanca sailkatu zen (159 puntu), Safor-Teika bigarren (176 puntu) eta Albacete lehen postuan (208 puntu). 

HOGEI DOMINA POLTSIKORATU DITUZTE BATEKO ATLETEK GIPUZKOAKO TXAPELKETAN

Gipuzkoako Absolutu Txapelketa ospatu zen Donostian ekainaren 8an eta 9an eta Bidasoa Atletiko Taldekoek urrezko bortz domina irabazi...

ATLETISMO UDALEKUAK IZANEN DIRA BI HILABETEZ PLAIAUNDIN

Bidasoa Atletiko Taldeak antolatua, kirola eta jolasen bitartez ongi pasatzea izanen da udalekuen helburu nagusia

2024ko uda ailegatzear dago eta...

HAMAIKA DOMINA ESKURATU DITUZTE BATEKO ESKOLARTEKOEK GIPUZKOAKO TXAPELKETAN

Plaiaundin jokatu zen alebin eta infantil mailako Gipuzkoako Txapelketa eta etxekoek hamaika domina bildu zituzten guztira

Gipuzkoako alebin eta...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika