BIDASOA ATLETIKO TALDEAK MARATOI ERDIA ANTOLATU DU

Otsailaren 20an ospatuko da Irungo Loiola Maratoi Erdia + 10K NT2 IV. edizioa, Irungo Udalaren laguntzarekin

Gaur goizean aurkeztu du Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) Irungo Loiola Maratoi Erdia + 10K NT2 lasterketa Palmera Monteroko aretoan. Bi urteren ondoren, berriz ere antolatzea lortu dute, Irungo Udalaren laguntzarekin. Aurtengoa IV. edizioa izango da eta otsailaren 20an ospatuko da, goizeko 9:45ean hasita. Aurkezpenean, Iñigo Eseverri BAT-eko zuzendaria, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol zuzendaria, Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol zinegotzia, Carlos Aranburu Neumaticos Txepetxaren ordezkaria eta Felipe Martinez LeireSport dendako kidea izan dira.

BAT-ek antolatutako ekitaldi honetan, bi lasterketa egingo dira, bata 10 kilometrokoa eta bestea, maratoi erdia. Biak ere irteera bera izango dute, Zabaltza Plazan, baita helmuga ere, San Juan Plazan. Desberdintasuna ibilbidean egongo da. Izan ere, 10 kilometroko lasterketak itzuli bakarra emango dio honi eta maratoi erdiak berriz, bi itzuli gehigarri batekin, 21 kilometro horietara iristeko.

Iñigo Eseverrik aipatu duen moduan, lasterketa aurreko urteko bera izango da, eta espero dute jende gehiagok izena ematea azken bi aste hauetan: “Inskribapenak ireki genuen egunean, lehendabiziko 100 dortsalak agortu ziren. Gero, Eguberrien ondoren, beste bultzada bat izan genuen eta 600 lasterkari daude orain izena emanda. Espero dugu azken bi aste hauetan inskribapen gehiago jasotzea eta 850 lasterkarira iristea”.

Bertan parte hartzeko izen-ematea irekita dago azarotik eta otsailaren 19ko arratsaldeko 20:00ak arte egongo da dortsala eskuratzeko aukera. Lasterketan online inskribatzeko, www.mediamaraton.com edo www.kirolprobak.com webgunetan egin daiteke, eta aurrez aurre berriz, Irun eta Hondarribian egokitu dituzten hiru lekuetan. Irunen, Mendibil merkataritza gunean dagoen LeireSport dendan eta BAT-eko bulegoan, eta Hondarribian, Papycop paper-dendan. Kasu honetan, inskribapenak otsailaren 13ra arte egin ahal izango dira. Dortsalen banaketa berriz, otsailaren 19an egingo da, BAT-eko bulegoan, goizeko 10etatik 14etara eta arratsaldeko 16etatik 20etara. Ezin duenak lasterketaren egunean ere bildu dezake dortsala, goizeko 8etatik 9:15era, irteeran bertan.

Goizane Alvarezek azpimarratu duen moduan, “guretzat plazer bat da honelako ekitaldien aurkezpenera etortzea. Azken 24 hilabeteetan oso mugatuak egon gara eta bizitza estiloa guztiz hankaz gora izan dugu eta beraz, zoriontsu egiten gaituzten ekitaldi hauek berreskuratu behar ditugu. Gehien bat, gazteek eta nerabeek ikus dezaten bizitza estilo osasungarriago bat eraman daitekeela, eta horretarako espazio publikoa okupatu behar dugu ahal den neurrian eta ahal den oro”.

OLATZ ZABALA ETA JOSE ANTONIO GOMEZ DE ARRIBA, SAN MARTZIAL IGOERAKO IRABAZLEAK

Ekainaren 25ean ospatu zen lasterketa, bi urteren ondoren, eta 138 partehartzaile izan ziren guztira

Pasa den...

IKER AROZENAK BRONTZEZKO DOMINA ESKURATU DU ESPAINIAKO TXAPELKETAN

Arozenaz gain, BAT-eko beste hamar atletek parte hartu zuten Espainiako Txapelketa Absolutuan

Pasa den asteburuan,...

IKER IBARGURENEK EUROPAKO TXAPELKETARAKO MINIMOA LORTU DU

Ibargurenek lehen postua lortu zuen 2000 metro oztopo proban eta Europako Txapelketarako txartela eskuratu zuen

BAT-EK HEMERETZI DOMINA ESKURATU ZITUEN GIPUZKOAKO TXAPELKETA ABSOLUTUAN

Honez gain, taldeka ere lehendabiziko postuan gelditu zen Bidasoa Atletiko Taldea

Pasa den larunbat eta igandean,...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika