BIDASOA ITZULIA BUELTAN IZANGO DA ESKUALDEAN

Maiatzaren 5etik 7ra bitarte ospatuko da eta hemezortzi taldek hartuko dute parte 

Atzo arratsaldean aurkeztu zen Bidasoa Itzuliko 48. edizioa Irungo Udaleko Areto Nagusian. Bi urteren ondoren, berriz ere antolatzea lortu dute eta pandemiak eta ekonomiak eragin dituzten zailtasunekin bada ere, hiru etapa izanen ditu lasterketak. Gainera, hemezortzi taldek eta 126 txirrindularik hartuko dute parte, maiatzaren 5etik 7ra bitarte ospatuko den hitzordu garrantzitsu honetan.

Bidasoa Itzuliko jatorrizko lau etapak hirura murriztu behar izan dituzte antolatzaileek aurtengo ediziorako. Antxon Mendia Itzuliko lehendakariak aipatu zuen moduan, “diru aldetik zailtasunak daude, enpresak ez daude hain ondo, baina azkenean itzuli gara hiru etapekin eta hemezortzi talderekin”. Talde horietatik guztietatik, hamar dira euskaldunak, lasterketan beti lekua izango dutenak, eta besteak atzerritarrak. Hauek dira zehazki hurrengo ostegunean Irunen irteeran egongo direnak: Caja Rural Alea, AVC Aix en Provence, Eolo Cometa Team, Lizarte, Eibar Txirrindularitza Elkartea, Electroalavesa Zuia, Basso Team Flanders, Supermercados Froiz, Baque Team, Laboral Kutxa-Fundacion Euskadi, Essax, Eiser Hirumet, Telco´m Clima Oses, Grupo Eulen Nuuk, Bicicletas Rodriguez-Extremadura, Gomur Cantabria Infinita, Hostal LaTorre-Ederlan eta Arabay Cycling Team.

Txirrindulari hauek guztiak hiru egunez egongo dira gure eskualdea zeharkatzen. Lehenengo etapan, maiatzaren 5ean, Irundik aterako dira eta Irrisarri Landen amaituko dute jardunaldia. Guztira 104,2 kilometro egingo dituzte, 3. mailako bi mendate gainditu ondoren, Zigako gaina (42,1 km) eta Irrisarri Land (109,9 km). Azkeneko hau motza bada ere, %8,9ko aldapak ditu eta lasterkariek errenta hartzeko aukera izango dute bertan. Bigarren etapak berriz, Hendaian hasi eta Hondarribian izango du helmuga. Hau luzeena izango da, 119,4 kilometro guztira, eta jardunaldi honetan ere bi mendate igaro beharko dituzte txirrindulariek, hirugarren mailako Zigako gaina berriz ere eta lehen mailako Jaizkibelgo gaina. Azken hau izango da eguneko garailea erabakiko duena. Etapa honetan abiadura izango da baldintza nagusia, izan ere, sor daitekeen ihesaldia gelditzeko beharrezkoa izango du pelotoiak horrela korritzea. Azken etapa, maiatzaren 7koa, denetan laburrena izango da, 77,3 kilometrokoa guztira eta Irunen izango du irteera eta helmuga. Hala ere, etaparik gogorrena izango da, izan ere, bost mendate igaro beharko dituzte txirrindulariek guztira: hirugarren mailako Gurutzeko gaina, lehenengo mailako Aritxulegiko gaina, lehenengo mailako Aginako gaina, bigarren mailako San Marcialgo gaina eta lehenengo mailako Erlaitzeko gaina. Mendia lehendakariarentzat etaparik gogokoena da hau eta Erlaitzen Bidasoa Itzuliko garailea erabakiko dela aurreikusi zuen baita ere.

Aurtengo edizioan etxeko bi txirrindulari izango dira pelotoian borrokan, Eibar Txirrindularitza Elkarteko Haritz Sein eta Caja Rural Aleako Haimar Etxeberria. Azken honek gainera, bat zenbakia duen dortsalarekin ekingo dio Bidasoa Itzuliari. Etxeberriak berak aitortu zuen moduan, “oso polita izango da Bidasoako Itzulia korritzea lehenengo urtean. Oso gogorra izango da, baina azkenean etxean egoteak indarra ematen digu. Txikitatik Itzulia ikusi dut eta badakit nola diren ibilbideak. Saiatuko naiz ahalik eta lan onena egiten eta dena emango dut”. Caja Ruraleko txirrindulariak lehenengo eta bigarren etapa ditu begiz jota, nahiz eta azken eguna ere berezia izango den berarentzat: “Lehenengo eta bigarren etapa niretzako hoberenak dira. Azkenean, Zigan eta hortik bueltan ez dugu esfortzu handirik egingo azken zatian dena emateko. Hala ere, azken etapa etxetik pasatzen da eta Erlaitzeko igoeran lagun guztiak edukitzea ere berezia izango da”.

Aurkezpenean Abraham Olano txirrindulari ohia izan zen baita ere. Olano birritan munduko txapelduna izateaz gain, 92. urteko Bidasoako Itzuliko garailea ere izan zen. Anoetakoak eskerrak eman nahi izan zizkien antolakuntzari eta babesle guztiei “Itzulia bueltan izatea ahalbidetzeagatik”. “Ilusio handia egiten dit proba hau berriz ere hemen egotea. Hemen ongi ibili diren txirrindulariak gero profesional bilakatu direla ikusi dugu. Itzuli bakarra dugu Gipuzkoan eta duen garrantzia eman behar zaio”, adierazi zuen Olanok.

48. Bidasoa Itzulia beraz, bueltan izango da eskualdean hurrengo astean. Maiatzaren 5etik 7ra, ostegunetik larunbatera bitarte ospatuko da eta bertan etorkizuneko pelotoi profesionala osatuko duten txirrindulari gazteak ibiliko dira lehian.

Hemen aurkezpenean eskaini zuten Bidasoa Itzuliko azken edizioetako momentu onenak biltzen dituen bideoa:



PATXI VILA KLASIKOA OSPATUKO DA IGANDEAN HONDARRIBIAN

Goizeko 8:00etan hasiko da, Hondarribiako hondartzatik, 107 kilometroko lasterketa

Hondarribian bizikletaren...

HAIMAR ETXEBERRIA BIGARREN VALENTZIAKO ITZULIAN

Txirrindulari irundarrak bere erregulartasuna erakutsi zuen Valentzian eta sailkapen orokorrean bigarren postua eskuratu zuen

ESPAINIAKO ITZULIA IGANDERO EKITALDIAREN PROTAGONISTA

Espainiako Itzuliaren bostgarren etapa Irundik abiatuko da, eta horren harira aste honetako Iganderoren protagonista izanen da

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika