BIDASOA ITZULIAREN 49. EDIZIOA MAIATZAREN 4TIK 6RA OSPATUKO DA

Inoizko partehartzerik handiena izanen du, 119 txirrindularik osatuko baitute tropela

Bidasoa Itzuliaren 49. edizioa maiatzaren 4tik 6ra ospatuko da aurten. Atzo arratsaldean egin zuten lasterketaren aurkezpena Hondarribiako udaletxeko pleno aretoan. Inoizko tropelarik jendetsuena izanen da, 119 txirrindularik osatuko baitute guztira. Aurtengo berezitasunen artean, bigarren etapa Baztanen bukatuko dela da, eta eskualdeko horretako herri ia guztiak zeharkatuko dituela lasterketak.

Maiatzaren 4ean emanen zaio hasiera Bidasoa Itzuliko 49. edizioari. Irungo Urdanibia plazan hasi eta Hondarribiako Kale Nagusian bukatuko da lehen etapa, 130 kilometro ibili ondotik. Jaizkibel igo beharko dute txirrindulariek lehen jardunaldi honetan eta aurtengo gogortasuna nabaria izanen da lehen kilometro hauetan ere.

Bigarren etapa izanen da itzuliko erregina. Bertze 134 kilometro izanen ditu eta Hendaiatik hasi eta Bagordin (Baztan) izanen du bukaera. 2004tik ez zen Bidasoa Itzuliko etapa bat bertan bukatzen eta Joseba Otondo Baztango alkateak adierazi zuenez, “Bidasoa ugaldeak bustitzen duen lurraldetik, muturretik muturrera, ibiliko dira txirrindulariak”. Bidasoa lurraldea osorik kontuan hartuko dela azpimarratu zuen, gainera, Otondok: “Bidasoa bizi eremu bat da, ugaldeak josten duen geografia bat. Ez gara elkar oroitzen, baina horrelako ekimenek horretarako balio digute. Pio Barojak erraten zuen moduan, Bidasoa errepublika aldarrikatu behar dugu”.

Baztango lurretan bukatzearen arrazoietako bat Baztandarra Txirrindularitza Klubak 30 urte betetzen dituela da. Otondok jakinarazi zuen bertako arduradunek udalera jo zutela Bidasoa Itzulia euren eskualdera ekartzeko eskatzera: “Arrazoietako bat Baztandarrak 30 urte beteko dituela da. Urte batzuetako geldialdiaren ondotik, kementsu hasi dira eta hau proposatu ziguten. Isilpean egiten duten lana oroitu nahi izan dugu honekin”. Urteurrena ospatzeko beraz, Itzuliaren batera etapa hau antolatu dute eta denak “arras kontent” daudela argi utzi zuten.

Bidasoa Itzuliko arduradunek aipatu zuten bezala, Baztango ia herri guztietatik pasatuko da lasterketa, baita Amaiurretik ere, urte aunitzetan probaren etapa bukaera izatea desiatu duten herria. Kontrabandisten eremua ere zeharkatuko dute txirrindulariek eta beraz, etapa erregina izendatu dute, sinbolismo aunitz duen etapa delako. Jardunaldiak izanen duen gogortasuna ere nabarmendu zuten, izan ere, Otsondo igo beharko du tropelak behin, eta bitan Bagordi, bertan bukatzeko.

Azken etapa ohikoa izanen da. Irunen hasi eta Irunen bertan bukatuko dena. Motzena bada ere (77 kilometro), irabazlea erabakiko duen etapa izanen da, urteroko moduan. Gogortasun bera izanen du aurten ere azken jardunaldi honek, eta txirrindulariek bortz mendate igo beharko dituzte guztira: Gurutze, Aritxulegi, Agiña, San Martzial eta Erlaitz.

119 lasterkariko tropela

Inoizko partehartzerik handiena egongo dela jakinarazi zuten atzoko prentsaurrekoan. Eolo Kometa taldeak izanen du lehen dortsala, nahiz eta Haimar Etxeberria txirrindulari irundarrak ezin izanen duen bizkarrean eraman, pasa den astean sufritu zuen istripuaren ondorioengatik. Hala ere, eskualdeko bertze hainbat txirrindularik osatuko dute tropela: Eibar Taldeko Haritz Sein eta Jon Morillo irundarrak, Finisher Galibier taldeko Diego Uriarte erratzuarra, Iñaki Ordoki elizondoarra eta Ugaitz Otxandorena saldiastarra eta Hostal La Torreko Mikel Irigoien beratarra.

Zailtasunak Bidasoa Itzulia aitzinera eramateko

Antxon Mendia Bidasoa Itzuliko zuzendariak proba aitzinera eramateko zailtasunak izan dituztela onartu zuen Hondarribiako udalean. “Otsailaren 15ean” erabaki zuten lasterketa antolatzea eta geroztik, buru-belarri aritu dira lanean eskualdeko harrobiari behar duten aukera emateko helburu nagusiarekin. Mendiak adierazi zuenez, “gero eta zailagoa da. Talde oso ona eratu dugu eta erreleboa emateko garaia ere heldu da. Irungo Udalak lagundu digu eta babesleekin akordioak berretsita, lortu dugu antolatzea. Hau talde lana da eta hori gabe ezingo litzateke egin”.

Abraham Olano Euskadiko Txirrindularitza Federazioko ordezkariak proba hauen garrantzia ere azpimarratu nahi izan zuen. Aurten Tourra izanen dugu eskualdean eta hori polita dela onartu zuen, baina “are politagoa da oraindik bertan euskaldunak ikustea”. Hori lortzeko, alegia, “horrelako probak mantentzea beharrezkoa” dela erran zuen, eta denen artean lan egin behar dela Euskal Herrian geratzen diren bi lasterketa nagusiak desagertu ez daitezen. 

TXIRRINDULARITZA IZANEN DA PROTAGONISTA IRUNEN EKAINA HASIERA HONETAN

Igande honetan (ekainak 4) Done Pedro Sari Nagusia ospatuko da eta ekainaren 11n berriz, Juanma Garate Martxa Zikloturista

Txirrindularitza zaleek...

JAUME GUARDEÑOK (CAJA RURAL ALEA) IRABAZI DU BIDASOA ITZULIA

Gomur taldeko Daniel Martin izan zen bigarren eta Finisher taldeko Pablo Carrascosa hirugarren

Bidasoa Itzuliko 49. edizioaren garailea Caja Rural...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika