HARRISON WOODEK (AVC) IRABAZI DU HONDARRIBIAN

Bakarrik helmugaratu ondoren, bigarren kokatu da sailkapen orokorrean Franco liderretik bi segundura

Hendaian hasi eta Hondarribian amaitzen zen Bidasoako Itzuliko bigarren etapa hau Harrison Wooden (AVC) garaipenarekin amaitu da. 119 kilometroetan hainbat eraso egon dira, baina soilik Wooden azkenekoak izan du arrakasta. Hondarribian irabazi ondoren, txirrindulari britaniarra bigarren kokatu da sailkapen orokorrean, Alejandro Franco (Gomur) liderretik bi segundura.

Lehenengo 90-100 kilometroetan hainbat ihesaldi saiakera egin ditu tropelak. Horietatik bi izan dira nabarmenenak. Lehenengo erasoa Maxime Renoux-ek (Laboral Kutxa), Aimar Aiestaranek (Eibar), Iñigo Eizagirrek (Grupo Eulen-Nuuk) eta Roberto Ledesmak (Arabay) egin dute. Hauek 20 kilometro inguru ibili dira ihesean, baina tropelak Zigako mendatea eta gero harrapatu ditu.

30 kilometro falta zirenean, bigarren saiakera egin du Iñaki Guarestik (Electro-Alavesa). Honi Gabriele Raccagni (Eolo Kometa) gehitu zaio segidan, eta biak elkarrekin zenbait kilometro egin dituzte. Hala ere, Jaizkibel hasteko kilometro gutxi gelditzen zirenean, pelotoiak irentsi ditu.

Jaizkibel denek elkarrekin igo dute, eta Lizarte eta Eolo taldeek erritmo gogorra ezarri dute gainera. Hala eta guztiz ere, hemen ez dira erasoak faltatu. Lehena Pablo Castrillok (Lizarte) egin du. Liderrak berak saiakera egin du, baita Raccagnik eta Fernando Tercerok (Eolo Kometa) ere. Azkenean, denak batera zeharkatu dute gaina.

Behin Jaizkibel pasatuta, mendatean behera, Harrison Woodek jo du azken erasoa eta bakarrik joatea ere lortu du, Hondarribiako helmugan garaipena lortuz. Bere atzetik 14 segundura helmugaratu da hogei bat txirrindulariko taldea. Horietatik bigarren Enekoitz Azparren (Laboral Kutxa) izan da eta Franco hirugarren. Sailkapen orokorrean, gaurko irabazlea kokatu da bigarren postuan, Francotik bi segundu bakarrera, eta hirugarren Caja Ruraleko Abel Balderstone dago kokatuta.

Haimar Etxeberriari dagokionez, 27. postuan iritsi da gaur, irabazlea baino ia bi minutu beranduago. Haritz Sein, Eibar taldeko beste irundarra, 39. helmugaratu da Etxeberria baino 17 segundu beranduago.

Bihar hirugarren eta azken etapa korrituko du tropelak. Irunen hasi eta bukatuko da lasterketa, 77 kilometro zeharkatu ondoren. Itzuli guztiko etaparik laburrena izango da, baina baita gogorrena ere. Txirrindulariek Gurutze (3.), Aritxulegi (1.), Agiña (1.), San Martzial (2.) eta Erlaitz (1.) gainditu beharko dute helmugara iritsi baino lehen. Erlaitz pasatu eta gero, indartsuen dagoena eta teknikoki jeitsiera hobekien kontrolatzen duenak irabaziko du etapa eta itzulia.

 

PATXI VILA KLASIKOA OSPATUKO DA IGANDEAN HONDARRIBIAN

Goizeko 8:00etan hasiko da, Hondarribiako hondartzatik, 107 kilometroko lasterketa

Hondarribian bizikletaren...

HAIMAR ETXEBERRIA BIGARREN VALENTZIAKO ITZULIAN

Txirrindulari irundarrak bere erregulartasuna erakutsi zuen Valentzian eta sailkapen orokorrean bigarren postua eskuratu zuen

ESPAINIAKO ITZULIA IGANDERO EKITALDIAREN PROTAGONISTA

Espainiako Itzuliaren bostgarren etapa Irundik abiatuko da, eta horren harira aste honetako Iganderoren protagonista izanen da

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika